BIODIBERTSITATEAREN KONTSERBAZIOA

Biodibertsitatea kontserbatzea ez da gauza erreza: horretarako hartzen diren ekintzek horien errentagarritasun ekonomikoa mugatzen duten interes politiko eta sozialekin topo egiten baitute. Biodibertsitatearen ebaluaketa ekonomikoak auakera eman behar du haren babesa lortzeko eman behar diren finantza-baliabideak zehazteko. Gutxi gorabehera, duela hogeita bost urtetik hona (bioteknologia eta ingeniaritza genetikoaren gorakadari esker batez ere) biopirateria ipar aldeko eta hego aldeko herrien interesen arteko gatazken ezaugarri bilakatu da.

Hego aldeko herriak biodibertsitatearen baliabide deribatuen ekoizle dira eta ipar aldekoak berriz kontsumitzaile dira. Arazoa zera da: nahiz eta hego aldeko herriak beren biodibertsitatea babestearren industrializazioa mugatu nahi ez izan, ezin dute onartu ordainik gabe atzerriko industrialariek bere baliabideak bereganatzea.

Biodibertsitatea kontserbatzeko arrazoi garrantzitsuak daude, hau da, murriztu ez dadin edo naturalak ez diren ondorioek kalterik egin ez diezaioten:

• Bariabilitate genetikoaren kontserbazioa. Bariabilitate honi esker, ondorengoaren parte batek, gene egokiak dituenak alegia, ingurugiroaren aldaketei aurre egin eta bizirik irautea lortuko du.

• Gizakien manipulazioak abere eta landareetan odolkidetasuna sustatzen du; honen ondorioz bariabilitate genetikoa eta, beraz, biodibertsitatea galtzen da. Naturak, ordea, senitarteko indibiduoen arteko gurutzaketa gerta ez dadin, estrategia desberdinak dauzka, familia bereko indibiduoen arteko gaitzespena, indibiduo gazteen sakabanatzea, mekanismo desberdinez polenaren barreiatzea, etab.

• Farmaziako eta medikuntza ikerketa. Gaur egun medikamentuen % 25etik gora landaretik datoz eta hauetako askok gaixotasunak sendatzeko erremedioak ikertzeko balio dute (armadiloa adibidez, legenarra harrapatzen duen animalia bakarra).

• Ekosistema bateko harremanen kontserbazioa. Badaude espezie batzuk beste batzuentzat nahitaezkoak direnak, haien elikadura eta ugalketarako beharrezkoak direlako. Landare asko, tropikalak batez ere, beste espezie jakin batzuen menpe daude ugalketarako, esate baterako, intsektu, saguzar, kolibri edo beste animalia batzuen menpe.

• Arrazoi etikoak. Dibertsitate biologikoaren balioa izatez onartu behar da, gizon-emakumeentzat izan dezaken erabilgarritasuna alde batera utzita (gogobetetze moralaren salbuespenarekin).



Paradoxa

Batzuetan kontserbazio-korronteak espezie batzuen babesaren alde egiten du beste batzuk erdeinatuz. Horrela, nahiz eta kontserbazioak biodibertsitatea babestu behar lukeen, honen murrizketa ekar dezake interes desberdinen atzetik joateagatik, ekonomikoak eta produkzioarenak, estetikoak eta kulturalak (erauzten zailak direnak), modaz bestalde. Hori dela eta, espezie batzuen suntsiketa justifikatzen da itsusiak direlako edo traba egiten dutelako; beste batzuk, ostera, ederrak edo maitagarriak direlako, babestu eta merkaturatu egiten dira.



Nork erabaki dezake oihana zelaia baino ederragoa dela eta hura basamortua baino ederragoa dela? Zergatik errazagoa izan ohi da izurdeen babeserako mugimenduaren aldeko laguntzak aurkitzea, marrazoen aldekoak baino, edota tximeleten alde aldarrikatzea eltxo nekagarrien alde baino?

Modek biodibertsitatearen murrizketa ekar dezaketela erakusten duen adibide argia aspidistra da (Aspidistra elatior). Landare apaingarri hau orain dela urte batzuk edozein etxetan aurkitzen zen, gaur ordea ia desagertzear dago.

Biodibertsitate handiko eremuak

Espezieen dibertsitatea latitudearen arabera aldatzen da, handiena tropikoetan izanik eta txikiena poloetan, basamortuak eta gizon-emakumeak bizi diren lekuak alde batera utzita oso baxua delako.

Biodibertsitate handiena duten ekosistemak oihan tropikalak eta koralezko arrezifeak dira.

Oihan tropikalak: Amazonia

Oihan tropikalek lehorreko lurren %7a osatzen dute, hala ere, hemen Lurreko espezie guztien erdia baino gehiago bizi dira. %7 honen barruan, %2 Amazoniari dagokio (7,05 milioi kilometro karratu), eta horren barruan, %60 Brasili dagokio eta %40 Guyana Frantsesari dagokio. Beste oihan tropikal guztiak Asiako Hego-ekialdean aurkitzen dira.

Koralezko arrezifeak

Koralezko arrezifeak biodibertsitate handiena duen ekosistema itsastarra da. Nahiz eta planetaren azaleraren %0,1a bakarrik bete, gutxi gorabehera 93.000 espezie ezagun hartzen ditu bere barnean, hau da, espezie ezagun guztien %5 eta egiazko kopurua 950.000 espezie direla uste da. Arreziferik zabalena eta ezagunena Australiaren Ipar-ekialdeko kostan aurkitzen dena da, Hesi Handia esaten zaiona, 2.000 kilometroko luzera, 145eko zabalera eta 120 metroko altuera duena. Hemen 400 koral espezietik gora eta 1.500 arrain-espezie gutxi gorabehera aurkitu dira.

Animaliak eta landareak Euskal Herrian. Babestutako espezieak

Euskal Herriak galtzeko zorian dauden espezieen katalogo bat du. Errolda publiko bat da, eta hemen, babestuak izateko beharrezkoak diren neurri zehatzak behar dituzten espezie, subespezie eta fauna edo flora populazioak sartzen dira.

Katalogo honetan 4 mehatxu-maila aurreikusten dira, espeziea bizirik irauteko duen arriskuaren arabera (galtzeko zorian dauden espezieak eta espezie ahulak), populazioen tamainaren arabera (espezie bakanak) edo bere balioaren arabera, -zientifikoa, ekologikoa, kulturala, bitxitasuna- (interes berezia duten espezieak). Errolda honen barruan egoteak berekin dakar, aipatutako kategoria batean klasifikatzeaz gain, espezie jakin horren babeserako bete beharreko arauak hartzea eta gestio-plan bat idaztea.

Arriskuan dauden espezieen kokapenari buruz, landareak leku hauetan aurkitzen dira batez ere: mendi eremuetan, labarretan, paduretan, eta kostaldeko sistemetan. Bestalde, fauna nagusiki ingurune hezeetan, harkaitzetan, hostozabalen basoetan eta leize-zulotan aurkitzen da.

Aipamen berezia merezi du, floraren barruan, aipatu dugun legeak babesten dituen hogeita bost zuhaitz. Espezie desberdineko aleak dira Euskal Herriko lurralde osoan banatzen direnak (10 Araban, 5 Bizkaian eta 10 Gipuzkoan).

«« Biodibertsitatea

Ekosistema urtarrak »»

Montxina, Euskal Herriko abelgorri-arraza

Berez Bizkaia eta Kantabriaren arteko mugako abelgorri-arraza da, zerbait eremu zabalagoa duen arren. Basatiak edo erdi basatiak dira animalia hauek eta larrean ibiltzen dira mendian. Tamainaz txikiak dira, bizkargainaren garaiera 120-130 cm-koa izaten dute eta 150-200 kg inguruko pisua, ilaje gorrikoak eta mutur-zuriak izaten dira. Adar motz biribilak izaten dituzte, aurreraka eta gora begira, parentesi-formakoak. Jenio bizikoak dira eta zezenketatan erabili izan da. Emeek, lau urte dituztenetik aurrera, bi urtez behin egiten dituzte umeak. Gaur egun oso gutxi geratzen dira.



Pottoka euskal ponia da

Euskal Herriko zaldi-arraza propioa da pottoka. Animalia txikia da beste zaldi batzuen aldean, 120-130 cm-ko garaiera du eta 200-250 kg pisatzen du, sendoa eta gogorra da, ilaje ilun samarrekoa. Bere ohiko bizilekua mendia da eta han gai da oso baldintza gogorretan bizitzeko, behar izanez gero otea janez eta are jan gabe ere zenbait egunez elurteetan.



Euskal Herriko ardiak

Neolitikoaz geroztik dago artzaintza Euskal Herrian. Mendialde hezean ardi latxa edo manetza, karrantzarra eta eusko-biarnotarra hazten dira. Hauek ile luze zakarra izaten dute eta esnetarako ardiak dira. Eskualde lehorretakoak, berriz, txurra eta merinoa, haragitarakoak, aurkitzen dira.



Enkartazioetako astoa

Jatorriz Bizkaiko Enkartazioetakoa eta ingurukoa da asto-arraza hau. Baserrietan nekazaritza-lanetan laguntzeko erabili ohi zen, baina gaur egun makinek ordezkatu dute ia erabat. Artzainek ere erabiltzen zuten lekualdaketetan zamak garraiatzeko. Abere txikia da; ez da iristen 120 cm izatera garaiera aldetik. Gorri iluna izaten da, mutur argiagokoa. Apatxak finak izaten ditu eta belarriak txikiak. Bada Enkartazioetako Astoaren aldeko Elkarte bat. Gogorra da. XV. mendean, Fray Tomas Zumarraga Mexikoko artzapezpiku durangarrak horrelako astoak bidal ziezaizkioten eskatu zuen, indiarrei zama astunak garraiatzeko lana arintzeko asmoz.

zientzia.net orrialdetik hartutako testua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario