BASERRIKO METEOROLOGIA

Pello Zabala

Betidanikoa du euskaldunak eguraldiaren eta aroaren jakin-mina. Nola ez, bada? Itsasora zabaldu behar du arrantzaleak. Basoan zurgai bila sartu behar langileak. Ihaurkin bila noiz joango, laborea noiz onduko, lur-zotalak noiz irauliko dabilen baserritarrak eguraldiari erreparatu behar dio aurrez, ahal izanez gero, egun batzuk aurrerago. Artzainak nongo larretara zabalduko ardiak?

Beharrak espabilatuta

Halaxe, beharrak espabilatu izan du gizakia bere aurrerapenak parera egokituko bazituen. Eta naturarekin hain estuki konpondu beharra duen baserritar, arrantzale eta artzainak ere, aroarekiko harreman estuak landu ditu. Meteorologia alorrik badenik ere sumatu gabe, meteorologia-izen horren mami eta ezpalik jakin gabe, eguraldi eta aroaren usnamen zorrotzik duen lagun tartekorik ukan du noizean behin auzogune eta paraje bakoitzean.

Horrelako aro-adituei zor diegu euskaldunon artean iragarpen entseguak bota izana. Beharrak eskatuta, lan frankotan indarrak alferrik galduko ez bazituzten, erdi-lotsatuta, baina hainbat baliabidetatik saiatu ziren eguraldiaren martxari antzematen. Urriak ziren haien baliabideak, urriak koanto! Eskolak etenaldi asko izandakoak ziren baserriko seme-alabak: lanaren beharrak eta presak agintzen zuen eta eskola orduak murritz ohi ziren. Egutegiak ere berandu arte ez ziren azaldu sukaldeko zintzilikariotan.

Harrokeriarik gabe

Lanak umildua genuen gure aurrekoa. Etxeko seme gazteren batek erronka bota orduko, 'bihar baietz eguraldi garbia etorri!' han apalduko zuen aitajaunak: Jainkoak nahi badu esanda hobeto geldituko hintzake! Jainkoaren esku uztea onartu behar zen alde batetik, baina baita iragartzea guztiz zaila zela ere baieztatu behar zen. Hobe jainkoen esku utzi kontu horiek...

Apaltasunez bildutako jakitate hori guztia, bere sormenekoa ez bailitzan, esaera-zahar atsotitz bihurtukoetan eta inorenak ez diren horietan bildu eta itzuliko zuen. Hori da utzi diguten altxorra, altxor preziatua, baina izenpetu gabea. Han-hemenka barreiatuta, paraje batetik bestera dituzten aldaerak aparte, mila inguruko sorta dotore eta anitza ezagutu eta batu ahal izan dugu eguraldiaren nondik norakoa apuntatu edo finkatu nahi duten esaldien artean. Asko eta asko santu-egunen ingurukoak dira: 200etik gora santu-egunekin uztartuak. Horrek frogatzen digu nola orduko egutegia elizaren itzalean zihoan, bestelakorik ez baitzen eskura.

Atsotitzen jakinduria

Goiz gorri, galgarri; arrats gorri, ongarri. Honelako esaerak jakitate asko biltzen du. Batean batzen ditu esaldi honek beste hainbatek laino gorriekiko duten eskarmentua. Izan ere, Babilonia eta Persia aldeko aspaldiko hainbatek ikasita zutena, euskaldunek ere erreparatu baitzuten gure zerualdean. Naturarekiko lotura hain estua bizi izan duen herriak badu berezko sanidade berezia: Gaztetan abestu, gizonetan gogoratu, zaharretan esaerak esan. Horregatik deitzen diegu gure asaba zaharren jakituria biltzen duten erranairu hauei atsotitz, esaera-zahar... zahartzaroa bide baita esaerak jaulkitzeko tenore egokiena.

Esaera horietan barna, halako hari euskarri sendo eta trinko bat ageri da: eguraldiari laguntza eskatzen zaio bizitzak behar duena eroso lagun dezan. Alegia, negua negu izan dadila, uda bera ere uda izan dadin. Urtaro bakoitza sano porta dadila berean. Bataren ahuldadeak, neguarenak batik bat, besteen saltsa galtzen eta mintzen dutelako. Negu bigunegiak, uda gogorregia. Urte elurtsua, urte garitsua. Eguberritan eguzkia, Pazkotan elurra...

Nolanahi ere, eguraldiak diosaletarako ez-ezik, solasa lotzeko balio zuen orduan ere. Hori esan daiteke, guk euskaldunok daukagun eguraldi-esan sorta aberatsa kontuan hartuta. Bazuten gure aurreko haiek horren berri ere: Urte gaiztoa, berri hutsa. Hara hor zenbat berri, solas, berbeta eta entretenimendu sortzen zuen, aurtengoaren tamainako negualditxoak, adibidez.

Baliabideak

Meteosatak, radarrak, azaleko eta gainerako eguraldi-mapa eta enparauak, askoz gertuagokoak eta merkeagoak eskuratu zituen gure aurrekoak: eguraldiaren koska eta koxka bakoitzari non antzeman, hantxe saiatuko zen hurrengoan ere zantzu ttikienari erreparatzeko pronto, bost zentzuak adi-adi zituela. Haizea eta lainoak zituen asma-lagun fidelenak, egia; baina, baita beste sozio koadrila gertukoa ere: txori eta beste hegaztiak, ardi eta gaineratiko aziendak, tximeleta eta eltxo, zizare, zapo eta barraskilo...

Goizean goiz, zozoren bat barraskiloa kaxka-kaxka, harri baten kontra joz somatzea, ez zen kontu txarra, eguraldi sanoa zetorrela baieztatzeko. Birigarroren bat, zizareari tenka mokoaz lurretik erabat nola aterako ere, goiz sanoaren adierazgarri zitzaizkion. Laian edo aitzurrean, zotalpean zegoen zizare korapilatuak lehortea datorrela emango zion anuntzio. Biziago dabilenean, euria ez da aparte ibiliko. Zapoa klin klon, bihar eguraldi ona, zioen, berriz, zapoaren klin bakeosoaz jabetzean.

Goiz bustiantza bazen, bare, zizare eta barraskiloak erreparatu behar zituen. Txoko aldera gordetzera bazihoazen, seinale ona; kanporantz airoso bazebiltzaten, euriaren pregoia zituen hauen pausaje geldoak.

Eulia ugari izan ohi da baserrian: azienda dabilen tokian, euli jeneroak han. Bakeoso eta patxadan bazebiltzan, kontu egokiak atera zitzakeen. Latoso, pelma, setati, buruz-behera...seinale txarra zen hori: ekaitza laster edo euritara joko zuen. Euliak pikante, denpora txarra. eulimandoak aserre, eurixe dator...

Euria abisatzeko lagun zintzoena mandioko habeondoan zuen, goialdeko sare itxiaren txokoan gordeta. Txokoan ezkutatuta bazegoen, bakea zuen aroak. Sarean bistan bazebilen armiarma, kontuz gero! Armiarmak bistan, euria seguro. Armiarma pareten korrika, euria ondotika.

Xoriak igerle

Kukua kantatzean, euri ta eguzki. Udaberrikoa da kuku-kantaren prenda. Bietatik eman ohi du sasoi horrek: euri azkarra eta eguzkia tarteka. Garizuma hondarrean etorri, San Pedro aldera isildu. Bazen ongi neurturik zeukana txori honen aldia: 20 astez kuku, San Pedrotan mutu.

Kukuak txantxangorria iñude, eguterak masail bat añube. Txantxangorriak badizu berriak emateko abildadea, eta etxetik gertu bada, eta adi bazabiltza, emanen dizu euriaren berri ere. Kantuan abisatzen dizu, mendebala badabil, ordu asko baino lehen euritakoaren beharrean zaretela.

Bai gurean eta baita iparraldean ere, kasu egin zaio okilari. Bere kantu zorrotz eta monotonoak, euri pregoitzat hartu izan dira. Okilak kantetan, egarri da ta laster da euria. Iparraldean asko erreparatzen zuten non kantatzen zuen okilak: errekondoan bazen, euritara joko zuen aroak; hegitan bazen, lasai... Beste horrenbeste esan ohi da hegoaldeko parajeotan garaztarroarekin: okilaren antzera, non botatzen duen bere kantaera monotonoa, horixe da gehien kontua: sasi artetik euriaren anuntzio dateke; zuhaitz adar goikoetan, aldiz, eguraldi gozoaren pregoi... Antzerako kontua erantsi diote zozoari beste eskualde batzutan: Zozoa sasi tartean kantuan, gaberako euria.

Enarak goizean txio-txioka, eguraldi ona. Enarak goian hara ta hona, luzaro eguraldi ona. Enarak lur inguru, ekaitza seguru. Enarak ur bazterrean, euria seguru... Non ibiliko dira, bada, enarak? Eltxo eta euliak dabiltzan tokian. Antizikloi garbiz, eltxoak goietan; haize zurrunbilo nahasian, aldiz, depresio-gune batek behealdera jaisten baditu eltxoak, enarak ere lurraren pare, azpitik ibili behar...

Hegaztiak

Kukurruku asko jotzen duenean oilarrak, ohikoak baino gehiago, eguraldiaren mudantza datorrela esan ohi da. Oiloa zorriketan hasiaz gero, eguraldia txartuko da. Arratsaldeko lehen orduotan kukurruka badabil, edo inularrean zuhaitz adarretara jotzen badute, seinale euria datorrena. Ekaitza ere, larri ibili...

Putre eta sai, sai-zuri eta miru, denen hegada zaintzen zuen gure asaba zaharrak: han goian zein haize zebilen jakin nahi, aldaketa zantzurik ba ote zen. Antzarrak ere atezu zainduko zituen. Bazekien haien martxak eguraldi koskaren bat adierazi zezakeela ere: Goian antzarrak, artzaiak egun txarrak!

Aziendak

Ganadua beti zen tentuz errepara beharrekoa: bai ahuntzak edo ardiak, baita zaldi eta abereak, denen ibilera zitzaion aztergarri. Ikuiluan isilik edo zintzarri-jole, beherantz edo gorantza doazen, zeharkaka ibilerak nahiz egonezinak, izango zuten eguraldi aldaketen bat gertuan. Behiak isilik badaude, laster eguraldi txarra. Astoa ere beti izan du lagun gertukoa baserritarrak: Garagarrak egiten astua, laster da busti lastua. Astoa bera ere igerletzat zerabilten aziendak euren artean hitz egiten zuteneko hartan: Izketa eitten zuten denboran, astoak esan omen zun: Gabaz intza, egunez bero, ifarra bela, egoa bero.

Katu-zakurrek ere bazuten estimaziorik eguraldiari begira. Zakurra belar-jale, euria laster. Katua patxarosoago zebilen beti ere, subazterrean bero gehienetan. Katua nortera begira aurpegi garbiketan, denpora txarra; surtera begiraten badeu, eurie seguru. Katuak sutondora arrimetan badiez, eurie seguru. Kanporantz doanean, aldiz, ehiza zaintzera edo eguzki gozo epelean etzatera, eguraldi ona.

Urtaroen peskizan

Urtaro bakoitzeko landareen martxa oso gertutik zaindu ohi zuen. Eguraldiari jarraiki baitatoz hostoa eta lorea, eta eguraldiaren arabera fruituen ekarria ere. Segida horrek denak euria neurriko behar zuen, eguraldi ahalik eta sanoena, fruitondo bakoitzak bere tenplea irabaz dezan. Beste horrenbeste soroko eta baratzeko landareekin ere. Landako lana ere landareen martxak gidatzen zuen urtea. Eta aziendenak. Bazekien zeozer harako hura asmatu zuenak: Maiatzetik SanMieletara ardiak nere kontu; SanMieletatik maiatzera, nagusiaren kargu. Benetan zaindu beharrekoak, ekaitzak ziren: beroaren eta hotzaren arteko koskak sortuak direnez, abisu guztiak gutxi izango ziren, lore eta fruitua bete-betean harrapa zitzakenean eta kalte-iturri ziratekenean.

Halere, gustukoa zuen etxeko ugazabak, eguneko lanak utzi eta subazterrean abarka eta azpantarrak kentzean, argien eta arduratuen zuen bilobari lezioa hartzea: Zein txori entzun dituk gaur kantuan? Nongo lainoxkak ikusi dituk? Urrunekoak ala gertukoak? Eta...? Biharko zer izango ote dugu...? Galderen atzetik, noski, zenbaterainoko arreta sumatzen zuen, bere lezioa zetorren. Goiztxo hasi duk gaur hontza uluka; ez diat uste bihar ezer onik dugunik... Hontza eta urubi, aro-adierazle zintzotzat zituen denak ere: ohetik zainduko zituen goizean goiz. Baina, labore-lanetan zela, halakoren batean, eguerdi ostean entzuten bazion, -normalean hiru ujuju botatzen zituen horrelako tokiz-kanpokoetan-, orduan bai, bazekien ziur, denporale eskasa ta txarra zetozela aldi baterako.

Unibertsitate propiala

Hortxe, naturaren eskolan, azienda, hegazti, txori ta beste, landare ta zuhaitz, haize eta euri, hodei eta laino, ekaitz eta uztargi, horien denen bidez landu zuen bere jakinduria berezkoa. Gaur egun, zientziaren matrikulak egiazta ahal izan dizkigu, naturarengandik gertu ikasitakoek bazutela barru-barruko mami eta ezpalik. Gertutik jarraitu ahal zion eguraldiari, lanik gehienak ere naturarekin harreman estuan bete behar zituelako.



Luzarorako jakinmina ase nahi bazuen, jakin zuen Gaztela aldean hurrengo urte osoko eguraldi-lanak hartzen zituztela abuztuan. Cabañuelas izaki, ez zuen horren izenik ikasi. Entseatu bai, zotalegun eta sortelegun deituko zien berak, baina abuztua berotxoa eta langintza askotako hilabetea izanik, urtarrilean egin zuen aproba. Gutxik sinetsi zioten, eta bertanbehera gelditu zitzaion eskola hori. Koarta-tenporena bai, zaharragoengandik ikasita, hori berezkotzat gordetzen zuen, baina susto handiegiak pasatuta zebilen, tartean ustegabeko jipoiak ematen zizkiolako eguraldiak. Koarta-tenporetako bigarren egunak failo ematen zion gehiegitan...



Eskarmentua baita, edozein alorretan bezalaxe, eguraldiarekiko beharrezkoena. Eskarmentua koanto!

________________________________________

Pello Zabala, EHKME Fundazioko kidea

1 comentario:

  1. hau dek hau amezketar ilustratua, jakituria eztago bakarrik liburuetan ezta?

    ResponderEliminar