2005/03/20
Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Gaur ondoko laguna izan da, eskua sorbalda gainean
jarri didanean, eta atzo, berriz, autoa. Nazkatuta nago karranpak
jasotzeaz! Orain, gainera, etxean sartzeko atearen heldulekuari tira
behar. Baietz horrek ere karranpa eman! Estresatuta ote nago? Edo
eguraldiak du errua? Zer gertatzen den jakin nahian, Internetera jo dut.
Han aurkitu dut erantzuna: elektrizitate estatikoa da erruduna.
Neguan larruazala lehorragoa izaten dugu; horregatik, erraz metatzen dugu elektrizitate estatikoa.
Fenomenoa gogoan izan arren, askok ahaztu egin dute azalpena, nahiz eta ez den batere zaila. Era errazean azalduta, kontua da materia atomoz osatuta dagoela, eta atomoek, berriz, karga positiboa eta negatiboa duten partikulak dituztela, protoiak eta elektroiak, hurrenez hurren. Oro har, protoi adina elektroi izaten dute atomoek; beraz, materia neutroa izaten da.
Alabaina, atomo batzuek erraztasun handia dute elektroiak galtzeko, eta beste batzuek, aldiz, elektroiak hartzeko joera dute. Elektroiak erraz galtzen dituzten materialen artean, gizon-emakumeon larruazal lehorra lehenengo tokian dago. Animalien larruak, ileak, artileak eta zetak ere elektroiak galtzeko erraztasuna dute, baita aluminioak eta paperak ere, baina ez aurrekoek bezainbestekoa.
Bestalde, material gutxi batzuek ez dute elektroiak hartzeko ez galtzeko joerarik, eta haien artean kotoia eta altzairua daude. Zura ere nahiko neutroa da, baina hezea badago elektroi batzuk erakartzeko gai da.
Oinutsik ibiltzea oso ona da elektrizitate estatikoa deskargatzeko, eta ez horretarako bakarrik, noski.
Hortaz, elektrizitate estatikoa sortu nahi izanez gero, nahikoa da
elektroiak galtzeko joera duen material bat igurztea hartzeko
erraztasuna duen batekin. Hala, baten elektroiak bestera igarotzen dira,
eta materialak kargatuta gelditzen dira. Orduan ikusten da karga bereko
bi material aldaratu egiten direla, eta aurkakoa dutenak, aldiz,
erakarri.
Neguan, artilezko jertseak eta aire lehorra
Hori jakinda, erraz ulertzen da zergatik jende askok karranpa izaten duen gauzaren bat ukitzean. Kontua da haizearen eta berogailuen eraginez larruazala lehor-lehor izaten dutela. Larruazala, beraz, zeinu positiboz kargatzen da, batez ere poliesterrez egindako jantziak eramanez gero, poliesterrak zeinu negatiboa hartzen baitu. Elektrizitate hori gorputzean metatuta gelditzen da, estatiko, edozein objektu metaliko edo beste pertsona bat topatu arte. Hori ukitzean, metatutako elektrizitatea mugitu egiten da, eta deskarga bat gertatzen da. Ondorioa: karranpa sentitzen da.
Animalien larruak, artileak, zetak eta beste material batzuek elektroiak galtzeko joera dute.
Antzemateko modukoa izateko, deskargak 2.000 Voltekoa baino gehiagokoa izan behar du. Ikusteko modukoa bada, berriz, 5.000 Volt ingurukoa dela esan nahi du, eta, horretaz gain, txinparta urdin bat atera badu, 10.000 Voltekoa izan da gutxienez.
Zer egin horrelakorik ez gertatzeko? Larruazala ondo hidratatzea eta kotoizko arropak erabiltzea ona da gauzak edo lagunak ukitzean karranpak ez izateko. Gelak oso lehor egotea ere saihestu behar da, eta horretarako nahikoa da leihoak irekitzea kanpoan hezetasuna badago, edo bestela hezegailu bat jar daiteke. Hartara, aire hezean dauden ur molekulek elektrizitate estatikoa neutralizatzen dute. Halaber, oinutsik ibiltzea oso eraginkorra da gorputzean metatutako elektrizitatea deskargatzeko.
Bestalde, erraz su hartzen duten gasak edo likidoak garraiatzen dituzten kamioiek lurreraino iristen den kate bat daramatte ardatzetik zintzilik, horren bidez elektrizitatea deskargatu ahal izateko. Antzekoak saltzen dituzte autoentzat.
Ordenagailuentzat kaltegarri
Ordenagailuen osagai batzuk erraz kaltetzen dira elektrizitate estatikoko deskargen ondorioz.
argi-indarreko kableetan geldirik dauden hegaztiak. Hegaztiren batek tentsio altuko bi kable edo kablea eta zutoina ukituz gero, ordea, hil egiten da elektrokutatuta.
Horregatik, ez zaigu ezer larririk gertatzen zerbait ukitzean elektrizitatea deskargatzen dugunean. Alabaina, ordenagailuen transistoreak izugarri sentikorrak dira tentsioarekiko, eta 200 Volteko baino gutxiagoko deskarga batek kalte egin diezaieke. Beraz, norbaitek ordenagailuaren barrenak atera, aldatu edo ukitu nahi baditu, hobe du bere elektrizitate estatikoa deskargatzea, metalezko zerbait ukituz, adibidez. Gainera, ezertan hasi aurretik, komeni da ekipoa lurrera ondo konektatuta dagoela begiratzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario