Tarteka beste irakasle batzuen blogak begiratzen aritzen naiz. Oraingoan, Irati Goikoetxea izeneko irakasle baten blogean hauek aurkitu ditut.
Lehenengo problema kontakizun baten barruan azaltzen digu. Ea gai zaren erantzuteko...
NAGORE ETA BIDERKETA-TAULAK
Orain dela bi aste mendi buelta
luze batean Nagore txikiaren ondoan joateko zortea izan nuen. Zortzi
urte ditu Nagorek eta oraintxe bete-betean harrapatuta dauka
biderketa-taulak. Han hasi ginen bi bider bat, bi bider bi... lau bider
hiru, lau bider lau... zazpi bider bost, zazpi bider sei... andereñoak errepasatzeko esan digu. Eta
etxeko lanak egitea garrantzitsua dela errepikatzen dugunok nola ez
lagundu neskatilari etxeko lan-errepasoa ongi egiten... zortzi bider
lau, zortzi bider bost eta berak, ongi ari naiz, Irati? Eta nik baietz, bere andereñoa banintz...
Baina,
mendi bueltak luze harrapatu gintuen, biderketa taulak baino dezente
luzeago eta ia konturatu gabe ehun eta bi bider bost, ehun eta bi bider
sei, laurogei mila bider zazpi, laurdogei mila bider zortzi... ari ginen
zoro-zoro. Nagore zoro-zoro eta ni zoro-zoro-zoro. Eta halaxe iritsi
ginen 142 857-ren taulara; eta halaxe hasi ginen...
142 857 * 1 = 142 857
142 857 * 2 = 285 714
142 857 * 3 = 428 571
142 857 * 4 = 571 428
142 857 * 5 = 714 285
142 857 * 6 = 857 142
Eta 142 857 * 7?
Galdetu zidan Nagorek. Eta nik nahikoa zela, magia kontu batzuk kontatu
behar nizkiola, atseden pixka bat hartuko genuela eta papertxo batean
azken sei biderketa horiek idatzi ondoren, pare bat bitxikeria azalduko
nizkiola.
Eta horrelaxe konturatu zen Nagore 142 857 zenbaki magikoa dela. Gaur
horixe eskatzen dizuet, sei biderketa horiek aztertuta 142 857 zenbakia
magikoa zergatik den azaltzeko. Ea hiru arrazoi ezberdin emateko gai
zareten!
Beste batzuk gehiago...
EZABATU GABEAK
"Batetik
hogeita hamarrera bitarteko zenbaki oso guztiak idatzi ditut pergamino
batean. Zenbaki guztiak bata bestearen ondoan idatzi ondoren, batzuk
ezabatu egin ditut (zertarako idatzi gero ezabatzeko, ezta?
Matematikariok halakoxeak gara! ;-)). Ezkerretik eskuinera banan-banan
ezabatzen hasi eta beste zenbaki baten bikoitzak ez zirenak bakarrik
utzi ditut pergaminoan. Zeintzuk dira pergaminoan ageri diren zenbaki
osoak?"
DADOAK
Poliedroez ari zaie hizketan irakaslea ikasleei. "Poliedroa
gorputz geometriko bat da, aurpegi lauak dituena... Dadoa, dadoa kubo
bat da, kuboa poliedroa da, beraz, kuboak aurpegiak ditu, beraz, dadoak
aurpegiak ditu..." . Atzeko aldean
eserita dagoen ikasle txiki azkarrak eskua altxatu du beste askotan
bezala eta galdera luzatu dio irakasleari (eta begirada)... irakasleari
masailak gorritu zaizkio eta gainerako ikaskideek barre egin dute...
Irakasleak
egoeratik ihes egin nahi, eta problema bat egingo dutela esan die
(irakasleak beti izaten du untxia besapean gordeta). 120 dado jarri ditu
mahai gainean eta berehala erakarri du ikasleen arreta...
Kolore
ezberdina duten hiru ontzietan 120 dado daude banatuta. Ontziak gorri,
berde eta urdin kolorekoak dira. Ontzi berdean dagoen dado kopurua ontzi
gorrian dagoen dado kopuruaren bikoitza da. Ontzi gorritik ontzi
urdinera 6 dado eta ontzi berdetik ontzi urdinera 7 dado aldatzen
badituzu, ontzi berdean egongo den dado kopurua eta ontzi urdinean
egongo den dado kopurua bera izango da. Zenbat dado zeuden hasieran
ontzi bakoitzaren barruan?
Irakaslea lasaiago dago, ikasle guztiak buru-belarri dadoekin jolasean dabiltza; dado hau hara eta dado hau hona...
A
;-) ikasleak irakasleari zer galdetu dion jakin nahi duzula? ;-) Jarri
irudimena martxan, dadoak, aurpegiak, puntuak, begiak...